Bidaia eta bere gida
Aurrean duzuen informazioa hiru urte baino gehiagoko eraikuntza prozesu kolektibo baten parte da. Ondoko pantailetan hilabete hauetako ikaskuntzak eta bizipenak partekatu ditugu, gure beldurren, oztopoen eta erresistentzien aitorpenen ondorio dira, baina, batez ere, prozesuan zehar jarritako arreta eta ilusioarena. Hasieratik, jakintzak eraikitzearen aldeko apustua egin genuen, baita praktika bidezkoa ere, bidaia gida hau horren emaitza da. Hausnarketaren alde egin nahi dugu, prozesu irekiak eta dinamikoak direla eta egiteko gauza asko dagoela jakitun izanda.
Eraikuntza prozesu kolektibo honek aurretiazko esperientziatik ere edaten du, ez Mugarik Gaberenetik soilik, baita ekitatearen aldeko antolakundeko aldaketa prozesuak bultzatzearen alde lanean ari diren beste erakunde batzuena ere. Eta horiek bultzatzeko garaian zailtasun eta erronka handiak topatu ditugu, bai daukagun testuinguru kapitalista eta heteropatriarkalarengatik, baita gure antolakundeetan eta eguneroko bizitzan jokaera horiek berregiten ditugulako ere. Hortik dator esperientzia indibidualetik eta kolektibotik erreferente berriak ezagutu eta eraikitzeko beharra. Hartu-emana begiratu.
Bidaien iruditegia proposatzen dizuegu, bidaiek eurek dakarten emozioarengatik, ilusioarengatik eta ikaskuntzarengatik, era berean, baita ziurgabetasunaren eta «ikusezinaren» aukeragatik ere, hainbatetan gure antolakuntza praktikak ere horrelakoak izaten baitira. Iruditegi hau ondoko pantailetan zehar mantenduko dugu eta bidaiako hiztegian ulertzeko gakoak aurkituko dituzue. Ideia eta praktika berriekin konektatzen lagunduko dutela espero dugu.
Ikusezinetik Bidaia hau eta dagokion gida era kolektiboan sortu da, ezin zen bestela izan, hauek dira bere egile nagusiak:
- Bidaiariak. Genero ekitatearen aldeko antolakundeko aldaketak emateko, jardunbide egokien esperientzia urte betez esperimentatzeko erabakia hartu eta ikasitakoa partekatu duten antolakundeak dira. Hegoa, Joxemi Zumalabe Fundazioa, Setem Hego Haizea, ESK eta Mugarik Gabe.
- Aitzindariak. Gure bidaiaren hasieran identifikatu genituen jardunbide egokiak dira; genero ekitatearen alde antolakundeko aldaketa prozesuetan aurrera egiteko, beraien esperientziatik ikas liteke. Lakabe, Altekio, Colaborabora, Iniciativa Mesoamericana de Defensoras, Colectivo Cala eta Iacta. Sakatu hemen informazio gehiago ikusteko.
- Kontrasterako Bidaiariak. Prozesu honetan ikasitakoa partekatu dugun antolakundeak dira, zabalpenerako begirada berriekin elikatzeko eta edukiak hobetzeko. Pikara Magazine, Ecuador Etxea, Aldarte eta Euskadiko GKEen Koordinadorako Genero lantaldea.
- Tripulazioa. Bidaia hau egiteko ametsa izatetik, martxan jarri eta bidaia gida hau garatzeraino lagundu duten erakundeak. Alternativeseko Natalia Navarro, Incyde eta Mugarik Gabe.
- Aliatuak. Las Dignas eta Jass antolakundeak ere bidelagun izan ditugu bidaia honetan eta beraien hartu-eman topaketa eta eraikuntza kolektiboetan, emakumeen antolakundeekin eta erakunde feministekin izandako antolakuntza prozesuen ekarpena eginda.
Jass-ek bultzatutako We Rise baliabideen plataforma nabarmentzen dugu. We Rise-n (laister gazteleraz) mugimenduen eraikuntza eta indartze historien inguruan ikasiko duzu, eraikiak izan diren erabaki estrategikoez, eta esku hartu duten pertsonen ahotsak entzungo dituzu. Hiru eduki motatan banatua dago: mugimenduen eraikuntza eta indartze zikloak; mugimenduen eraikuntza eta indartze historiak, eta herri hezkuntza feministako 50 tresna baino gehiago dituen erreminta kutxa. |
- Helburu komun baten alde lanean ari den pertsona taldea bazara, egitura zehatz bat duena, gida hau zuretzat da. Gure ibilbide eta esperientziagatik uste dugu prozesu hau eta bere edukiak jendarte arloko antolakundeekin lotuago daudela (GGKE, kooperatibak, elkarteak, jendarte mugimenduak eta horrelako beste batzuk), baina mota askotako kolektiboetara egokitu daitekeela ulertzen dugu. Jendarte eremuko antolakunde asko gehienbat emakumez osatuak egoten dira, bidaiaren ikuspegitik errealitate horrek, ordea, ez gaitu praktika eta prozesu patriarkalak gure antolakundeetan berregiteaz salbatzen.
- Bidaia hau hasten dutenek aurretiazko gutxieneko esperientzia bat izan behar dute. Gutxienekoak oinarrizko formakuntza bat izatea esan nahi du, baina formakuntzaz harago, baita aurretiazko esperientzia, hausnarketa eta zalantzan jartzeko borondate partekatu bat izatea ere. Horrela, oso erabilgarria izan daiteke ikuspegi feminista baten baitan egindako diagnostiko bat izatea. Bidaia hau epe luzerako aurreko nahiz osteko prozesu baten parte izatea da kontua.
- Era berean, garrantzitsua da antolakuntza zein momentutan dagoen baloratzea, zeintzuk dira gure helburuak? Eta antolakuntzako nortzuk daukate bidaiatzeko gogoa? Horrek itxaropenei eta bidaiaren formatuari berari mugak jartzen lagunduko digu, testuinguru egoki bat izatea bultzatuta.
- Bidaia hauek egin ahal izateko kontziente izan behar gara denbora, pertsonak, egiturak, baliabide ekonomikoak eta motibazioa beharrezkoak direla, baita ezaugarri hauetako prozesua hasteko borondate kolektiboa ere.
Jarraian aurkituko duzuen informazioak argibideren bat, materialak eta esperientziak eskura jarri nahi ditu, genero ekitatearen aldeko antolakundeko aldaketa prozesu kolektiboen inguruko eztabaidan eta hori martxan jartzean laguntzeko. Proposatutako ibilaldiak eta bidaia gidak ideiak edo aitzakiak dira, norbanakoen, antolakuntzako eta jendarteko aldaketak eragingo dituzten epe ertain eta luzeko prozesuak sortzeko, ez da gutxi.
Gure testuingurua kontuan izan behar dugu, bere eraginaz jabetu eta bertan dauden botere harremanak aztertu, Bidaia honetan enborrezko egitura heteropatriarkalekin lotura dutenak ahaztu gabe. Zentzu horretan, elkar eraginen inguruko azterketek botere sistemak nola gurutzatzen diren ulertzen lagun dakiguke, horrek ezberdintasunak sortzen edo berregiten ditu, eta bai, gure antolakundeetan ere gertatzen dira horrelakoak. Genero azterketari bestelako esparruak gehitu behar zaizkio, hala nola, jatorria, adina, antzinatasuna, maila profesionala, sexu orientazioa, esperientzia edo formakuntza, besteak beste.
Ikusezinetik Bidaia hau erraza ez dela ikusita, bide eta ibilaldiez gain, ibiltzen hasi aurretik lagungarri izango zaizuen Gida hau proposatzen dizuegu.
Lan guzti hau Creative Commons BY-NC-SA lizentziarekin egin dugu; kidetasunak eta sinergiak indartzearen bidez praktika berriak, hausnarketak eta eztabaidak bultzatzen jarraitzeko asmoz, ezagutu garenon artean eta ezagutuko garenon artean.
Eraikuntzan jarraitzen dugu, beraz, bidaiari ausartak bazarete zuen bidai eta ikasketak gurekin partekatzen animatu zaitezte, idatzi bideo edo materialak bidali honako helbidera: maria@mugarikgabe.org. |