Bidaiaren aurretik

Bidaia honen HELMUGA gure bizitzetan eta ingurunean eraldaketa feminista ahalbidetuko duten antolakundeak sortzea izanik, ahalik eta babes handienarekin kontatzea ezinbestekoa iruditzen zitzaigun. Horregatik, Bidaia Gidaz gain, Iparrorratz honekin kontatuko dugu, gure bidaia osoan eskura izango dugun tresna.

IPARRORRATZ honek «iparra ez galtzen» laguntzeko asmoa du edo, gure kasuan, gure Bidaiaren helmuga bezala dugun helburua ez galtzea: eraldaketa feminista. Badakigu jakin, hau bezalako asmo handiko eraldaketek, gainera, gure bizitzako eremu guztiak ukitzen dituztenek, gure harremanak, antolakundeak… etengabeko oroigarri bat behar dutela, ez galtzen laguntzeko. Iparrorratz honek gure bidaia proposamenak eraldatzaileak diren eta bidaiak gure antolakundeetan aldaketak sortu dituen baloratzen lagunduko digu.

Iparrorratz honen gakoetako bat genero ekitatearen aldeko antolakundeko aldaketa prozesuak bere OSOTASUNEAN ulertzen laguntzea da. Urte luzetan, antolakundeek ekintzak eta jendaurreko diskurtsoak aldatzearen alde egin dute, jardunbide eta antolakuntza harremanak zalantza jarri gabe. Egun konturatu gara ez bakarrik antolakuntza aldaketak sortzearen atzeraezintasunaz, baita bere izaera eraldatzaileaz ere. Asko zaindu behar dugu, ordea, «zilborkerietan» ez erortzeko, ezin zaigu ahaztu barnekoa eta kanpokoa konektatuta daudela eta egon behar dutela.

Aurretiazko beste ikaskuntza bat da ekitatearen aldeko antolakundeko aldaketen konplexutasuna, horretan ere gure iparrorratzak laguntzen digu, aldaketen ardatzak eta horien harremanak ikusaraziz.

Ondoko eskema hau [1] Natalia Navarrok proposatua, gure antolakundeetan proposatzen ditugun bidaien izaera eraldatzailea ikuspegi feminista batetik aztertzen laguntzen digun Iparrorratza da:

Proposatutako koadranteek garatzen ari diren prozesuek edo ekintzek aldaketak non egin behar dituzten adierazten dute:

  • KONTZIENTZIA: Proposatutako antolakundeko aldaketa prozesuek pertsonen kontzientzian aldaketak eragiten dituzte, edo eragin ditzakete, genero ezberdintasunen inguruan (nola sortzen diren, zergatik, nola ezabatu).
  • BALIABIDEAK: Baliabideen kontrolean eta erabilgarritasunean birbanaketa bat eskatzen dute planteatutako proposamenek, izan ukigarriak edo ukiezinak (jakintzak, formakuntza, ardurak, parte hartzea eta eragina, informazioa, aurrekontua, denbora, etab.).
  • KULTURA: Prozesuak antolakundeko kulturan du eragina, balioekin zerikusia dutenak zalantzan jartzearen bidez edo proposamen berriekin, partekatutako sinismenak, ikurrak…
  • ERAKUNDETZEA: Proposatutako aldaketak etorkizunerako bermatzen dira antolakuntzan erakundetuta: partekatutako erabakiak, jardunbideak, egiturak…

Genero ezberdintasunak desegiten laguntzeko antolakundean ematen diren aldaketa guztiek ez dute eragin berdina. Horren inguruan metatutako esperientziak erakusten du antolakundeetan ezartzeko -eta onartzeko- errazenak diren aldaketak eremu teknikokoak direla, gauzak beste era batera egiteko moduekin edo tresnekin zerikusia dutenak. Hala ere, horrek ez du beti esan nahi antolakundeen lehentasunetan aldaketak daudenik, ez eta genero ekitatearen sustapenaren konpromisoan ere ez, ez antolakundearen baitan ez eta bere zereginetan ere. Era berean, ez dakar berez aldaketa automatiko bat partekatutako sinesmenetan, antolakundea osatzen dutenen praktika eta jarreretan erreferente diren zio horietan.

Horregatik, beharrezkoa da koadrante horiek aurrez proposatutako osotasunaren ideiarekin lotzea. Ez du soilik lau koadrante horietan emandako aldaketen garrantzia azaltzen, baizik eta horien maila guztietan ere: indibidual/kolektibo, objektibo/subjektibo eta formal/informal. Hori guztia, genero ekitatearen aldeko antolakuntza aldaketa horiek, antolakuntza aldaketa sozial eta feminista (kanpo/barru) baten asmo izanda ulertzeko argitasunarekin.

Kontziente gara antolakuntza aldaketa eta eraldaketa feminista konektatzearen zailtasunaz, bai gure praktika eta jardunbideetan, bai eta gure ingurunean, eta, era beran, gure bidaietan generoa lurruntzeko dagoen arriskuaz ere. Horregatik, ibilaldi bakoitzerako proposatzen ditugun tresnek eraldaketa feministarako duten indarrari buruz hausnartzeko argibideren bat ere ematen dugu, betiere, epe ertain eta luzeko prozesuen barruan.

[1] Irudia Natalia Navarrok egindakoa da, Gender at Work nazioarteko sare feministako parte den Gender Analytical Frameworken ordezkari gisa https://genderatwork.org/analytical-framework/

Beste edozein bidaiarako bezala, gure prozesua ondo joan dadin beharrezkoa da egoki pentsatzea eta prestatzea. Horretarako, hona hemen gure antolakundeetan lagun gaitzaketen hainbat ideia:

  • DENBORAK. Prozesu orotan denbora izatea garrantzitsua da. Ezin da eraldatu aurreko denbora ereduekin funtzionatzen jarraituta, beste erritmo bat erabili behar da, bizitzarako jasangarria izango dena. «Abiadura handiaren» eta prozesu hauetarako beharrezkoa den erritmo geldoagoaren arteko oreka bilatzeko apustua egin, ditugu aukerekin zintzoak eta errealistak izanda. Horregatik guztiagatik, plangintza partekatu bat eraiki behar dugu eta kronograma maiztasunez gogoratu, bidaiaren ibilbide osoaren argumentu ildoa gogorarazteko: aldaketa adierazleak, ekintzak… Gainera, antolakundeko kronograman ere ikusgarri egin.
  • TALDEA. Prozesuaren mantentzeaz arduratuko den taldea izatea, horren laguntza eta antolakunde guztian horretaz jabetzea sustatzea. Talde horrek lan bat, agenda eta aitorpen bat izan behar ditu. Bere egitekoa prozesuaren bultzada, jarraipena, ebaluazioa eta transmisioa da. Zenbaitetan, prozesuaren erraztaile eta zaintzaile papera ere beteko du. Mantentzeaz arduratuko den taldeaz gain, antolakundeko beste taldeen eta pertsonen inplikazioa ere argitu behar da, denborak eta prozesuak errespetatuta.
  • DIRUA. Finantza baliabideak garrantzitsuak dira, batzuetan prozesua erraztu edo oztopatu egiten dute. Baliabideek egiturak zehatz ditzakete eta horri nola aurre egiten diogun ikusi behar dugu, agenda politiko bat ez dezaten moldatu, erabaki eta zehaztu. Baliabide ekonomikoak izateak, aitortza modu bat izan daiteke, botere kolektiboa bultza dezake, denbora izan, lan zamen birbanaketa edo bestelako neurriak sortu. Ekitatearen aldeko antolakundeko aldaketarako bidaiak askotariko baliabideak beharko ditu, denbora moduan, pertsonena, formakuntza, aholkularitza… edo beste eredu batzuk.
  • BORONDATE KOLEKTIBOA. Mundu guztiarentzako joko-arauak adostea, prozesuaren erantzunkide bihurtzeko; ikusle soilek ez dute balio, bakoitzaren etengabeko inplikaziok eta aktibazioak baizik. Zenbait kasutan inplikatuago dagoen talde zehatz batekin has daiteke eta prozesuan zehar borondate kolektibo hori lortzen joan. Antolakuntzaren kultura eta funtzionamendua berrikusteko eta zalantzan jartzeko partekatutako borondatea da, bidaia honen aldaketa motorra.
  • MOTIBAZIOA, JARRERA ETA ILUSIOA. Talde ikuspegiaz gain, bidaia honek ezin du antolakundea osatzen dugunon gogorik gabe eta aldaketarako prestasunik gabe aurrera egin, «espiritu abenturazalerik» gabe. Bidaia honek aldaketak proposatuko ditu, antolakuntzakoak eta baita pertsonalak ere, proposamen berrien aurrean autokritika, irekitasuna, konfiantza eta jarrera eskatuko dutenak.

KAMERA. Zuen bidaia SISTEMATIZATZERA animatzen zaituztegu, kamera honek bidaia dokumentatzen lagunduko dizue eta, bidaiatik bueltan, berrikusten eta partekatzen. Prozesuak sistematizatzeak diagnostiko argiak izaten laguntzen digu, nola joan zaigun jakiteko, eta ez bakarrik ikaskuntzak lortzeko baita antolakundeko etorkizuneko planetan eragiteko ere. Gure prozesuen sistematizazioak eta esperimentazioak jakintzaren eta ahalmenen eraikuntza eta kudeaketa indartuko ditu antolakundean. Horretarako, kontakizunerako espazioak sortzea da gakoa, bai barrura begira bai kanpora, edukiak sortu eta argitaratu geure burua elikatzeko. Sistematizazioak egile politiko bezala indartu gaitzake, eta inplikatutako pertsona, talde eta sareen geureganatzea bultzatu.

NABIGAZIO-EGUNKARIA [1]. Koaderno honek gure bidaiaren BALORAZIO JARRAITUA errazten digu. Antolakuntza aldaketen ADIERAZLEAK zehaztea proposatzen dizuegu gure ibilaldiarekin lortu nahi ditugun helmugak ezarri ahal izateko. Baita OASIAK ere, prozesuak nola aurrera egiten duen berrikusteko aldizkako momentuak, ikaskuntzak berrartu eta balizko egokitzapen edo aldaketak zehazteko. Bidaia hasi aurretik Adierazleak diseinatu eta Oasiak egutegian sartu beharko ditugu.

  • ANTOLAKUNTZA ALDAKETARAKO ADIERAZLEAK DISEINATU. Prozesuari jarraipena emateko modua da, iradoki egiten digu, malguak dira, baina gure prozesuan irudikatzen ditugun helmugak erakusten dizkigute berrikusten joan gaitezen. Egin beharreko galdera serioa da: Zeintzuk dira ekitatearen aldeko antolakundeko aldaketa prozesuan gure aurrerapausoak neurtzen laguntzen eta iradokitzen diguten elementuak? Adierazle horiek zehazteko gure iparrorratza eskura izan behar dugu, azterketa feminista batetik eraldatzaileak diren adierazleak zehazteko. Horien berrikuspenak gure ekinbide ez patriarkalekin nahi genituen aldaketak lortu ditugun edo ez ikusteko balioko digute, baita prozesua nola joan den jakiteko ere. Adierazle horiek esperientzia antolakundearen errealitatean zehazten laguntzen digute, deskribatzaileak dira, argiak eta ez da beharrezkoa xehetasun askokoak izatea (ez portzentaietan ezta zenbakietan ere). Pertsona arduratsu eta inplikatuekin egitea komeni da.
  • OASI PROPOSAMENAK ZEHAZTU. Oasia bidaian doazenek eskertzen duten toki zoragarria da, urez eta landarediaz inguratua. Esertzeko, atseden hartzeko, hitz egiteko, esperientziak partekatzeko, eta besteekin topo egiteko momentua da. Bidean aurrera egiteko denbora hartu eta indarberritzea eskatzen du. Oasian bizi ditugun momentu horiek ez gaituzte ezaxola uzten. Beste moduetara bideari ekiten laguntzen digute, ideia berriekin. Oasia aldian behin egitea proposatzen dizuegu [2]. Oasian garatzeko zereginak honako hauek lirateke:
    1. Zehaztutako aldaketen adierazleak berrikusi. Ematen ari garen urratsak alderatzen lagunduko digute. Prozesua aurrera doan heinean moldatzen (hobetzen, zehazten…) joango gara.
    2. Epe honetako momentu esanguratsuak identifikatzea. Urrats batzuk eman ditugu jada eta bidaia honetan zerbait aurreratu dugu; berreskuratzea ezinbestekoak diren egoera eta eztabaidak eman dira. Ez da ezinbestekoa guztiak berreskuratzea, zure antolakunderako esanguratsuak izan diren horiek soilik: azpimarratzeko zerbait gertatu zelako, aldaketa bat eragin zuelako, eztabaida sortu, oso gaizki atera zelako, edo ikaragarri ondo, edota gatazka pixka bat egon zelako… Ez da beharrezkoa gure kideen ekarpenekin bat etortzea. Entzuteko momentua da eta ikuspuntu ezberdinak ulertzekoa, dauden adostasun eta desadostasunak azpimarratuta. Identifikatu behar dugu:
      -Momentu esanguratsu bakoitza denboran noiz gertatu zen markatu.
      -Gertatu zenaren deskribapena. Parterik objektiboena.
      -Zergatik zaigu esanguratsua momentu hori? Parterik baliotsuena eta subjektiboena.
      -Zein zerikusi dauka gure antolakundeko praktika orokortuen aldaketekin?
    3. Esperientzia honek uzten dizkigun ikaskuntzak sortzen ditugu. Hala nola: politikoak, metodologikoak, praktikoak… Berriz ere, ez dugu ados egon behar. Esperientziak gutako bakoitza askotariko ikaskuntzak garatzera eraman dezake.
    4. Esperientziatik askotariko ikaskuntzak gara genitzake, ezin ditugu, ordea, gure antolakundean guztiak praktikara eraman. Ikaskuntza hauetarako proposatzen dizuegun hurrengo pausoa honako hau da: ezarri ahal ditugun aldaketa zehatzak identifikatzea. Urrats honetan bada beharrezkoa ezarri nahi ditugun horiekin ados egotea, taldea beraiekin identifikatzeko eta martxan jartzea posible dela ikusteko. Aldaketa horien aukeraketa egiteko, genero ikuspegitik eraldaketarako duten gaitasunarekin alderatu behar ditugu.
    5. Oasi horien kontakizunen jarraipena egitea, beraz, prozesu guztia sistematizatuko duen bidaia koaderno on batekin kontatzeko oinarri egokia izan liteke.

Oasiko ideia nagusiak jasotzeko ondoko TAULA proposatzen dizuegu:


Momentu esanguratsuak


Ikaskuntzak

Data

Zer gertatu zen?

(Deskribapena)

Zergatik deritzogu esanguratsua?

(zati baliotsua eta subjektiboa)

1 Momentua
Momentua
Momentua
[1] Prozesu honetako Oasi eta Adierazleen proposamena Incydek eraiki eta lagundu zuen bereziki.

[2] Urtebeteko iraupena izan zuen bultzatutako prozesuaren kasuan hiruhileroko oasiak ezarri genituen. Horien maiztasuna prozesuari ezarritako denborek zehaztuko dute, baina urtean gutxienez berrikusteko bi gune izatea litzateke aukera bat.

KONTUZ GEHIEGIZKO PISUAREKIN. Gida honetan hainbat ibilaldi proposatzen dizkizugu, guztiek formatu bera dute: aurkezpena, helburuak, eraldaketa feministaren indarra, bidea eta beste bidaiari batzuen ikaskuntzak. Ibilaldi guztietarako euskarri batzuk proposatzen dizkizuegu: fitxak edo bestelako materialak. Gainera, horietan guztietan materialak beharrezkoak izango dira, talde lana bultzatuko dutenak, adostasunak bilatu eta sormena sustatuko dutenak (margoak, koloretako paperak, papelografoak…), material horiez gain, espazio egokiak eta denbora nahikoa ere beharko dituzue.

NORBERE JANTZIAK. Garrantzitsua da proposatutako ibilaldiak egokitzea eta zure egitea. Ibilbide guztietan gure esperientzietan oinarritutako ideiak planteatzen dizkizuegu, espero dugu erabilgarriak izatea; beharrezkoa izango da, ordea, zuen antolakundera egokitzea (tamaina, identitatea, egitura…). Ikur eta hizkera propioa bilatu, norbere esperientziaren testuinguruan kokatu. Tresna egokitzea prozesuarekiko talde izaera indartzeko modu bat ere izan daiteke eta, era berean, taldeko erreferente edo iradokiarazten duten arlo berriak sortzekoa, ohiko logikatik kanpoko espazioak sortu.

ESTERA BAT. Geure burua zaindu behar dugu eta antolakunde batek atsedena hartzen duenean horrek taldea elikatzen du, hegan egiteko hegoak ematen dizkio eta jarraitzeko energia sortu. Horregatik, antolakuntzako prozesuetan giroa hobetzeko atsedenerako eta zaintzarako uneak zehaztu behar ditugu. Era berean, gure ibilaldiak garatu behar dira horiek praktikara eramatean zaintzak gogoan izanda: hitzartze emozionalak txertatuta, gorputza erabilita (jolastea, dantzatzea…), aurrerapenak ospatzeko uneak… Indartzen gaituzten uneak bultzatzea izan liteke beste modu bat: oasiak, zaintza eremuak, jardunaldiak, nazioarteko topaketak, formakuntza… antolakuntzako prozesuak elikatzen eta oxigenatzen dituztenak.

ZIRA ON BAT. Ekitatearen aldeko antolakundeko aldaketa prozesu honetan, erresistentziei eta zailtasunei aurre egin behar diegu: emozioak kudeatzeko zailtasuna, presak, barne blokeoak… Horiek bidaiak benetan aldaketa eraldatzaileak sortzen baditu gertatuko dira, gure zutabeak mugiarazten baditu, gure kultura, gure testuinguruan ere aldaketak bultzatzera iritsi arte. Erresistentzia eta zailtasunak adierazle gisa balora genitzake, lantzen ari garen aldaketa elementuen ingurukoak.

EZ AHAZTU BIDAIA GIDA. Tresna bakoitza guztiaren parte da (beste ardatzena eta bidaia osoarena) eta ez isolatutako gaiak, ez edukietan ezta luzerako prozesuetan ere. Ez dira zertan tresna guztiak erabili behar, nahiz eta beharrezkoa den prozesuetan pentsatzea gure iparrorratza eskutan dugula, prozesu osoak izan daitezen. Edozein modutan, tresna batzuek berez sortuko dituzte aldaketak edo errealitateak ikusaraziko dituzte hasierako aldaketa bezala, nonbaitetik hasi behar gara!