SENTIMENAK: Lainoak garbitzen dituzten hitzartze emozionala · Botereetatik ibilaldia
Ibilaldi honek emozioak (euren aniztasunean) botereen kudeaketan eta erabakiak hartzean ikusgarri egitea proposatzen du. Eremu kolektiboetako erabakietan, hasieran eta bukaeran, hitzartze emozionalak sartzea proposatzen du; norbere emozioen kontzientzia izateko (eta gure gorputzetan duten eragina), izan landuko diren gaiekin lotutakoak edo bizi dugun bestelako egoera laboral edo pertsonalen ingurukoak, halaber, baita alde emozionalaren, erabakien eta taldearen elkarrenganako konexioen kontzientzia hartzeko ere.
Tresna honen helburua erabakiak hartzean emozioak badaudela aitortzea da eta horiek ikusaraztea, erabakiguneetan proposatzen diren eztabaidekiko gure jarreraz gain, gure sentimenak ere garrantzitsuak direla.
- Ibilaldi honek emozio/arrazoi, publiko/pribatu eta gorputz/gogo banaketa, jardute heteropatriarkal bezala, ikusarazi eta apurtu nahi du, antolakuntzako eremu guztietan, baita erabakiguneetan ere, bien presentziaz kontziente izanda.
- Artifiziala den banaketa horretaz gain, beste jardute heteropatriarkal bat emozioak ikusezin bihurtzea eta gutxiestea da, tradizionalki femeninotzat jo den gaitzat hartzen delako, eremu pribatukoa eta barnekoa.
- Ibilaldi honetan, zehazki, erabakiak hartzean dauden emozioak identifikatzeko bidea egingo dugu; atal indibidual eta kolektiboak baloratu eta horiek zaindu eta kudeatzeko moduak definituko ditugu horretarako bide egonkorrak ezarrita.
- Ibilaldi honen erronka bat da, ez bakarrik emozioak erabakietan txertatzea, baizik eta horien genero azterketan sakontzea; baliteke hierarkiak antzematea, bata bestearen gainetik egotea bezala ulertuta (Adb. erraztasun eta tolerantzia gehiago izatea emakumeen espresio emozionaletan eta, batez ere, euren generoari lotutako emozioetan: negarra, poza, txera…). Esperantzak edota antolakundeetan horietaz egin daitezkeen erabilerak ere zaindu behar dira.
*EZINBESTEKOA IPARRORRATZA ESKURA IZATEA ORIENTAZIORAKO
1. GELDIALDIA. EMOZIOETATIK IBILALDIA EGINGO AL DUGU?
Taldean eztabaidatzeko, hausnartzekoa momentua, ibilaldia egitera goazen edo ez baloratzekoa.
- Antolakundeari bileren hasieran eta bukaeran emozioak partekatzearen inguruan taldean emandako azalpena.
Ibilbide honi ekiterakoan, emozioetara gerturatzeko eta horiek kudeatzeko askotariko moduak kontuan izan behar dira, bai eta zaintza berezia behar luketen egoera pertsonalak ere (adb. osasuna). - Taldeko balorazioa: zertarako, horren ondorioak, nola antolatuko garen eta zein asmo dugun ibilaldi honekin.
Talde akordioa, egingarria baderitzogu: ibilaldia egingo dugu!
2. GELDIALDIA. HITZARTZE EMOZIONALEN INGURUKO IBILBIDEA DISEINATUKO DUGU
Ibilaldia aplikatu nahi dugun eremuetarako hitzartze emozionalei ekiteko eta horiek errazteko modua guztion artean definitzea:
- Hitzartze emozionalak egiteko momentuak ezarri.
- Eremu bakoitzean hitzartze emozionalak nola bideratuko diren definitu:
- Nork dinamizatzen dituen hitzartze emozionalak (bideratzaile rola edo beste bat).
- Hitzartze horiei zenbat denbora ematen diegun (bereziki zaindu behar da bukaerako hitzartzeak presagatik zentzua ez galtzea edo ordurako inor ere ez egotea) eta denbora horiek errespetatzea.
- Dinamikarako zein ikur erabiliko ditugun. Eskaintzen ditugun irudiekin joka daiteke edo dagoeneko ezarrita dauden beste batzuekin edo antolakundera egokituko den hizkuntza propioa sortu. A Euskarria (Irudiak)
3. GELDIALDIA. HITZARTZE EMOZIONALAK PRAKTIKAN JARRI
Bidaia hasi aurretik egiteko.
- Partekatzen dugun testu hau irakurtzeak gaian sartzen lagun gaitzake. Dokumentu hori indibidualki erabil dezakegu bai eta taldeko eztabaidan ere. C Euskarria (Sentitzen eta adierazten dut).
Hitzartze emozionalak prestatu
- Hitzartze emozionalak dinamizatzen dituenak, momentu bakoitzean erabiltzeko galdera eta gomendio zehatzak ezartzen ditu: B Euskarria (Galderak eta gomendioak)
- HASIERAKO HITZARTZE EMOZIONALA, NOLA GAUDE?
- Nola sentitzen ari zara?
- Pertsonalki nola zatoz? (Gaizki lo eginda, pozik, beste istorio bategatik pixka bat triste…)
- Taldean nola zaude? (Pixka bat estresatuta, egingo dugun ekintzarekin pozik, landuko dugun gaiarekin zalantzati…)
- BUKAERAKO HITZARTZE EMOZIONALA, NOLA GOAZ?
- Batzarrean zehar nola sentitu naiz?
- Nola ikusi ditut espazioa eta taldea?
- Nola noa?
- HASIERAKO HITZARTZE EMOZIONALA, NOLA GAUDE?
Mugarik Gaberen ikaskuntzak, espedizio honetako bidaiaria
- Emozioen kudeaketan, prozesuaren parte bezala, lanketa pertsonala atal garrantzitsua da, eta antolakuntzatik horri ekiteari bere garrantzia eman behar zaio; baina, era berean, antolakundearen mugak eztabaidatu behar dira, noraino dagokion erakundeari eta noraino den norberaren erantzukizuna.
- Nola aurre egin ez dakigun gatazkak eta «eztabaida ezkutuak» ere antzematen dira, akordiorik ez dagoenean nola jokatu, zalantzan jartzeak… baita genero azteketatik ere. Atal honetan, epe luzeko harremanetan sortzen diren «bizioen» gaia berrartu behar da, eta horiek emozioetan eta erabakiak hartzean duten eragina.
- Eremu kolektiboetan emozioen inguruko taldekako formakuntza beharra baloratu.
- Material eta prozesu zabalago batzuen ekarpena da hori, kasu honetan Lakaberena, bertan atal gehiago txertatzen dituzte: emozioen kudeaketarako eta bideratzerako berariazko eremuak.
- Tresna nola erabiltzen den zaintzea garrantzitsua da, eta bertatik eratorritakoa kudeatzean arreta jartzea. Sortuko diren emozioetarako prestatzea eta, beharrezkoa balitz, beste eremu batzuetara bideratu ahal izatea. Prozesu honetan ikusarazi egiten ditugu, baina nola kudeatu behar ditugun argi izan gabe jarraitzen dugu.
- Mugarik Gaberen bidaia hau Lakaberen, prozesu honetan aitzindaria, material eta prozesu zabalago batzuetatik sortzen da, emozioen kudeaketarako eta bideratzerako berariazko eremuei dagozkien atal gehiago jasotzen dituena. Informazio gehiagorako begiratu aintzindariak
A) Irudiak
Deskargatu zure euskarria PDFn
Hasierako botereen ardatzaren irudi nagusiarekin lotutako hainbat irudi aurkezten dizkizuegu: gure bi pertsonaiak hodei batzuen gainean bidaian. Hitzartze emozionaletako askotariko sei irudi zehaztu ditugu, emozio egoerekin lotzen laguntzeko asmoa dute; ez daukate esanahi itxi bat, hainbat eratara uler daitezke.
Gainera, antolakunde bakoitzak bere ikurrak sor ditzake, emozioen inguruko hausnarketa baten parte izan daitezkeenak.
Irudi horiek hasiera eta bukaerako hitzartzeetan nola gauden azaltzeko lagungarri izan daitezke. Taldearen tenperatura modu grafikoan ikusarazten da.
Kolektiboko pertsona bakoitzak, bere egoeraren arabera, taldeari erakusteko irudi bat aukeratzen du eta irudi horren bitartez nola sentitzen den partekatzen du.
B) Galderak eta Gomendioak
Deskargatu zure euskarria PDFn
Hitzartzeak dinamizatuko dituenak berrartuko dituen galdera eta gomendioak:
- HASIERAKO HITZARTZE EMOZIONALAK: NOLA GAUDE?
- Nola gaude? Nola sentitzen ari zara?
- Pertsonalki nola zatoz? (Gaizki lo eginda, pozik, beste istorio bategatik pixka bat triste…)
- Taldean nola zaude? (Pixka bat estresatuta, egingo dugun ekintzarekin pozik, landuko dugun gaiarekin zalantzati…)
Helburua gure emozioak testuinguruan jartzea da, lantzen ari garen erabakiguneei lotutakoak edota bestelako motxilarik badakargun, batzarrean zehar egon daitezkeen jarrera edo emozioak ulertzeko baliagarriak izan daitezkeen gakoak. Kolektiboari begira, hasierako hitzartzeak taldea nola dagoen informatzen digu eta horien inguruko talde erabakiak hartzeko aukera ematen digu. Hitzartzean ez parte hartzeko libre sentitzen gara, horretarako gogorik ez badugu.
Entzuketa emozioak bata bestearen gainetik baloratu gabe egingo da, emozio batzuei besteei baino balio handiagoa ematen dioten estereotipoak berregin edo hierarkizatu gabe (adb. negarra baimendu eta baloratzen da, baina ez gorrotoarekin zein bestelako emozioekin lotutako blokeoak). Horrek ez dauka emozioak edozelan adieraztea justifikatzearekin zerikusik (adi egon emozioen indarkeriazko adierazpenak edo horien manipulazioa justifikatzearekin).
- BUKAERAKO HITZARTZE EMOZIONALA: NOLA GOAZ?
- • Batzarrean zehar nola sentitu naiz?
• Nola ikusi ditut eremua eta taldea?
• Nola noa?
- • Batzarrean zehar nola sentitu naiz?
Bukaerako hitzartzea ongi zaindu; bakoitza nola sentitzen den hitz egiteko da, besteen iritziei erreferentzia egin gabe edo horien hitzartzeei erantzun gabe. «…sentitzen naiz.» «Eremuan sentitu dut…» «Taldea… ikusi dut»
Bukaerako hitzartzean entzun gaituztela sentitu dugun jakin dezakegu, hartu ditugun erabakiekin gustura geratu garen eta abar.
Gainera, batzarrak berak hasierako hitzartzean azaldutako ezinegonak arintzen lagundu duen jakiteko baliagarri izan daiteke edo, alderantziz, etorri garen baino okerrago alde egiten dugun eta, beraz, ondo sentiarazten ez gaituzten praktiken edo egoeren inguruan zaintzeko erabakiak hartzea pentsa daiteke.
C) Sentitu, Adierazi eta Entzuten dut
Deskargatu zure euskarria PDFn
SENTITZEN DUT
Emozioen gainetik arrazoia jartzen duen sistema baten ondorioetako bat izan daiteke, adibidez, egiten ari garenarekin kontziente izateko dugun hasierako zailtasuna. Emozioek gure gorputzaren bidez hartzen dute tokia eta, zenbait kasutan gainera, adierazpen fisikoak izan ditzakete, hala nola, buruko mina, bizkarreko giharretako tentsioa, sabeleko edo bularreko estutasuna. Ernai edo arin senti naiteke zerbaitekin pozik edo gogotsu baldin banago. Gure gorputzean arreta jartzeak nola gauden jakiten lagun gaitzake.
Emozio edo sentimendu bat beharrean ideia bat azaltzeko, «… sentitzen naiz» esanez hasten baldin bagara, prozesuan zehar berrikusi beharko dugun gauza bat izango da, baita erabakiak hartzeko estrategia bezala ere (sentimendu bat ezeztatzea ideia baten kontra egitea baino zailagoa baita). Ibilaldian zehar gure emozioekin bat egiten eta identifikatzen ikasiko dugu, eta antolakuntzako erabakietara era eraikitzailean lotzen.
ADIERAZTEN DUT
- Nik sentitzen dudanetik, lehen pertsonan, hitz egiten dut ona edo txarra den zehaztu gabe. Ez dago emozio on edo txarrik, guztiak dira beharrezkoak eta bizi dugunak gugan duen eraginaz hitz egiten digu.
- Atseginagoak zaizkigun emozioak adierazteak, bai eta zailagoak egiten zaizkigunak ere, beste era batera sentitzen laguntzen digu.
- Momentuari garrantzia emadan adierazten dut, ez era mekaniko edota errepikakor batean.
ENTZUTEN DUT
- Pertsona batek hitz egiten duenean, besteok aktiboki entzuten dugu; bere tokian jartzen saiatuz eta epaitu gabe. Bere mintzaldiei ez diegu erantzungo.
- Nire kideek sentitzen dudana kontuan hartzen dutela konturatzeak sentimenduez hitz egiteko libre sentiarazten gaituen zirkulu seguru bat sortzen laguntzen du.
- Hitzartzean, zenbaitetan, baliteke emozioak bizitasun handiagoz adieraztea edo gordeta zeuden sentimenduak negar moduan azaleratzea. Emozioak adierazia izatea behar duen momentu horretan, ez da beharrezkoa «ezer» egitea. Lasaitzen denean, ezer behar duenerako libre gaudela adieraziko diogu. Bere keinuetara adi egongo gara, bertan, eta elkarrekikotasunez jokatuko dugu lagundua senti dadin eta ez gogaituta.
- Enpatiatik entzuten dut, bestearen tokian jarrita, epaiketarik gabe eta espazio kolektiboko parte diren emozio horiek kontuan hartuta.