TALDE LANA: Bileretako lau Rol sostengu · Lan ereduetatik ibilaldia

Ibilaldi honek bilera bat antolatzean dauden roletatik bidaia proposatzen digu, hainbat arlo lantzeko: norbanakoaren eta kolektiboaren ahalduntzea, talde lan ez patriarkala, berdintasunezko parte hartzea eta aurrera egin ahal izateko behar guztiak ikusaraztea.

Ahalduntze kolektiboko eremuak sortzea, bertan, gure bilera/batzarren funtzionamendu egokirako beharrezkoak diren zereginak banatuko dira. Rolak taldeko pertsonen artean banatuko dira, horrela guztiontzako bilera eraginkorragoak eta gogobetegarriagoak bermatzeko. Taldeko pertsonen artean banatzen eta txandakatzen diren lau rolen bidez, pertsona guztiak erantzunkide izango dira.

  • Talde lan ez patriarkal baten alde egin, askotariko funtzioak hartuta eta, batez ere, guztion artean gure helburuak lortzeko beharrezkoak diren rol guztiak ikustarazita, hala zaintzak, nola laguntzeak, antolatzeak eta lantzeak… Baloratuak ez diren arloak, ez eta ikusgarriak ere ez, tradizioan femeninoak izan diren gaiekin lotutakoak ikusaraztearen garrantzia azpimarratuta: jarraipena, pertsonen zaintza eta espazioarena…
  • Interesgarria da ikustea nola antolakundeetan lan banaketa, bizitzan bezala, produktibo eta erreproduktibo sailkatzen den, esleipena tradizionala izanda: produktibo-maskulino eta erreproduktibo-femnino. Zeregin eta funtzioak logika horren baitan berrikusteak, produktibo/erreproduktibo sailkapena nola ulertzen dugun jakiten lagun gaitzake, ea lanak sexuaren arabera banatzera garamatzan eta horiek ezberdin baloratzen ditugun.
  • Zereginetan norbanakoaren eta kolektiboaren ahalduntzea ezinbestekoa da antolakuntza lanerako. Taldeko edo eremu kolektiboetako pertsonen artean botereen kudeaketa horizontalago eta berdintasunezkoagoa sustatzen du. Funtzio bera hartzeko askotariko moduak ikusarazten ditu.

*EZINBESTEKOA IPARRORRATZA ESKURA IZATEA ORIENTAZIORAKO

1. GELDIALDIA. IBILALDIA EGINGO DUGU?

Taldean eztabaidatzeko, hausnartzekoa momentua, ibilaldia egitera goazen edo ez baloratzekoa.

  • Lau rolen azalpen kolektiboa. A Euskarria (Bilerak errazteko rolak).
    • Erraztea
    • Moderazioa eta denborak
    • Zaintzak
    • Akta eta espazioa
  • Taldeko balorazioa: zertarako, horren ondorioak, nola antolatuko garen eta zein asmo dugun ibilaldi honekin.
  • Beharrezkoa balitz, proposatutako rolak gure antolakundera egokitu.

Talde akordioa, egingarria baderitzogu: ibilaldia egingo dugu!

2. GELDIALDIA. LAU ROLAK EZARRITA IBILBIDEA DISEINATUKO DUGU.

  • Rolen funtzionamendua kolektiboki adostu:
    1. Txandakatzea eta nola egingo den zehaztu.

Rol horiek denbora minimo batekin izendatu, dagokion pertsonak behar bezala bere gain hartzeko. Egutegia egin eta zabaltzea gomendatzen dugu, rolen banaketarekin batera.
Lehenengo hilabeteetan, funtzioen xehetasunak dagokion pertsonarekin partekatzea gomendatzen dugu gogora ditzan. Edo, bestela, funtzioen dokumentua espazio kolektiboetan eta eskuragarri izatea pertsona guztientzat.

2. Euskarriak beharrezkoak diren baloratu: formakuntza, materialak…

3. GELDIALDIA. PRAKTIKAN JARTZEA

  1. • Bilera bakoitza baino egun pare bat lehenago, pertsona/talde bakoitzak besteei dokumentu bat (audioa edo bideoa izan daiteke) bidaliko die bilera arintzeko eta erabakiak errazteko beharrezkoa den informazioa aurreratuko duena.
  2. Bilera bakoitzaren hasieran rolak gogorarazi. Aktetan Isla izatea. B Euskarria (Rolen txapak)

MUGARIK GABEren ikasgaiak, espedizio honetako bidaiaria [1].

  • Gune kolektiboetan Errazte egoki bat egiteko formakuntza beharrezkoa da:
    • Errazte taldearentzat edo pertsonarentzat: formakuntza egoki bat, taldea ez «korapilatzeko» eta adostasun erreal bat lortzen laguntzeko baliabideak izan ditzan.
      Antolakundeko pertsona guztientzat: erraztearen inguruan, adostasunaren, komunikazioaren, geure burua zalantzan jartzeaz eta besteek gu zalantzan jartzeaz. Geureganatutako ohitura txarrekin apurtzeko beharrezkoa da errazten uzten ikastea.
  • Garrantzitsua da taldeko kide guztiek argi izatea adostasunaren aurrean dauden aukerak (baimendu, onartu, erditik kendu, oztopatu) eta hori landu egin behar da.
  • Zaintza rola zehaztu eta lagundu. Emozioen kudeaketan formakuntza jasotzea beharrezkoa izan daiteke, taldeko emozioak nola lagundu jakiteko. Zaintza rola espazio kolektiboetan (hitzartze emozionalak edo beste eredu batzuk) garatzeko askotariko tresnak ere baloratu.
  • Eremu bakoitzeko helburuak argitzea garrantzitsua da (gai estrategikoak, eraginkorrak, erabakitzaileak, sormenezkoak…), bai eta gai bakoitzari eman nahi diogun denbora ere, kontuan izanda zeintzuk diren estrategikoak eta zeintzuk eraginkorragoak.
  • Rol horiek bere gain hartuko dituzten lau pertsonen artean koordinatzea oso garrantzitsua da, batez ere Erraztea daraman pertsonaren eta Moderazioa eta Denborak atalaz arduratzen denaren artean; koordinatzeko momentuak zehaztu beharko dituzte, eta baita rol horiek erabiliko diren eremuetan gairen bat aurkeztuko duten gainerako pertsonekin ere, puntu bakoitzeko helburuak eta beharrezkoa den informazioa zein den argi izateko.
[1]  Beste ibilaldi batzuen aldean, proposatzen den tresna hau ez da antolakunde zehatz batek landutakoa, baizik eta bileretako rolen inguruan ikuskera antzekoa duten hainbat antolakunderen esperientzian oinarrituta sortu da: ColaBoraBora, Setem, Hegoa eta Mugarik Gabe, besteak beste.
Bilerak errazteko lau rol
Lau rolen txapak

A) Bilerak errazteko lau Rol

Deskargatu zure euskarria PDFn

  • ERRAZTEA:

Bere egiteko nagusia espazioa dinamizatzea da: adostasunak sustatu, proposamen guztiak ikusaraztea erraztu, hobekuntza eta aukera berriak bilatu… Eremu bakoitzeko helburuen arabera, eraikitze kolektiboa eta adostasunak bilatzea. Rol hau ondo garatzeko aurrez gaiak irakurri eta ondo landu beharko dira, baita gai zehatzak landuko dituzten pertsona/taldeekin koordinatu ere puntu bakoitzeko helburuak argitzeko. Aurretiaz, baita ere, metodologia proposamena landuko du eta materialak eta beharrezko informazioa prest daudela ziurtatuko (dokumentuak, metodologiarako materialak…). Azkenik, dinamizazioa baloratu eta hurrengorako hobekuntzak proposatu.

  • MODERAZIOA ETA DENBORAK:

Pertsona hau hasiera eta bukaera orduak eta puntu bakoitzerako denborak errespetarazteaz arduratuko da. Gainera, hitzartzeak apuntatzeaz eta emateaz arduratuko da (oraindik hitz egin ez duten pertsonak lehenetsiko ditu parte hartzea sustatzeko). Hitza emateko eta denbora kudeatzeko sormenezko metodologiak erabiltzea baloratu.

  • ZAINTZAK:

Bilera bitarteko giroa zaindu, taldea eta pertsonak nola sentitzen diren ohartu emozioen adierazpen egoki bat egoteko. Une gogorrei tentsioa kentzen lagunduko du, emozioak partekatzea sustatu eta antolakuntzako giro ona sortzea bultzatu. Horretarako, honako hauek bezalako tresnak erabiliko ditu edo erabiltzea sustatuko du: hitzartze emozionalak (ikus aireko bidaiaren ibilaldia), gorputz dinamikak, atseden edo arnasketa momentuak…

  • AKTA ETA ESPAZIOA:

Akta jaso eta partekatzea. Bilera hasi aurretik eta ostean espazioa antolatu, baita behar teknologikoak ere.

B) Lau rolen Txapak

Deskargatu zure euskarria PDFn

Bileraren hasieran rolen banaketa gogoratzen da eta horietako batez arduratzen den pertsonak txapa jantziko du bilera/batzarrean bere rola ikusarazteko.

Irudi horien bitartez, proposatutako rolak espazio kolektiboan ikusgai egitea proposatzen dugu eta taldeari, nahiz rolak bere gain hartu dituztenei, zereginen garapena gogoraraztea.

Zuen txapa propioak ere sor ditzakezue, antolakundera edota rol bakoitzera egokitutakoak..