PLANGINTZA: Kontzientzia, erantzunkidetasuna eta banatutako zereginak · Lan ereduetatik ibilaldia

Ibilaldi honek gure erakundearen antolakuntza eta bere funtzionamendua planifikatzeko eta antolatzeko modua taldean diseinatzea proposatzen digu. Urtero gaikako eremu kolektiboak sortzean datza: estrategia, plangintza, ekonomia, bizitza eta ikaskuntza. Bakoitzarentzako berariazko Jagoleak ezarrita. Jagole horiek eremu bakoitzaren prestaketaren eta zainketaren arduradun izango dira.

Ibilaldi honek aukera ematen digu gure antolakundearen berrikuspena eta plangintza modu horizontalago batean eta gai klabeen banaketa agerikoagoa bultzatuta egitea. Era berean, puntu estrategikoak zeintzuk diren zehazten ditu, tradizioan ikusezin izan diren bizitza edo ikaskuntza bezalako elementuak, kasu. Bai eta horien jarraipena eta ebaluazioa Jagoleen bitartez zehaztea ere.

  • Talde ikuskerari lotuta ardura eta zereginen bidezko banaketa indartu nahi du. Jakintza eta praktika zehatzak kontuan izanda, talde lana azpimarratu nahi du, gure antolakundeetan hain presente dauden indibidualismo heroikoak gainditzeko.
  • Ibilaldi honen helburua gure antolakundeek duten produktibitate logika gainditzea da, proiektu edo finantza bezalako eremuei protagonismoa eman ohi diotena; horretarako, zaintzak eta ikaskuntza eremuak gehituko dira. Zentzu honetan Bizitza puntua nabarmentzen da, gure bizitzako askotariko arloekin, harremanekin edo zaintzekin erlazionatutakoak izateagatik tradizioan ikusezin izan diren eremuak neurri berean ezarri eta ikusarazten baititu. Bizitza eremua aukera bat da, antolakundea osatzen dutenak eta euren bizitza ereduak (askotariko pertsonak eta harremanak) ikusarazi eta kontzientzia hartzeko, baita antolakuntzak eredu horiek islatzeko, laguntzeko eta errazteko (edo alderantziz) dituen moduak azaleratzeko ere. Hori, adibide bat jartzearren, lan baldintzen, prozeduren edo egituren bidez egin liteke.
  • Ez du soilik eraikuntza kolektibo bat proposatzen, baizik eta ardatz bakoitzaren bulkadaren ardura izatea, horien hausnarketa eta martxan jartzea modu berean eta ardatz bakoitzeko Jagoleekin ematea, horien txandakako ardurak bakoitzak dagokionean bere gain hartuta.
  • Interesgarria da ikustea nola antolakundeetan ere lana, bizitzan bezala, produktibo eta erreproduktibo sailkatzen den, horien esleipena tradizionala izanda: produktibo-maskulino eta erreproduktibo-femenino. Zeregin eta funtzioak logika honen baitan berrikusteak produktibo/erreproduktibo nola ulertzen dugun jakiten lagun gaitzake, eta ea lanak sexuaren arabera banatzera garamatzan, horiek ezberdin baloratuta.

*EZINBESTEKOA IPARRORRATZA ESKURA IZATEA ORIENTAZIORAKO

1. GELDIALDIA. IBILALDIA EGINGO DUGU?

Taldean eztabaidatzeko, hausnartzekoa momentua, ibilaldia egitera goazen edo ez baloratzekoa.

  • Eremuen banaketaz, eremuen ezaugarriez eta Jagole rolaz antolakuntzari taldean egindako azalpena. A eta B Euskarriak (Gaikako eremuak eta Jagoleak)
  • Taldeko balorazioa: zertarako, horren ondorioak, nola antolatuko garen eta zein asmo dugun ibilaldi honekin.

Talde akordioa, egingarria baderitzogu: ibilaldia egingo dugu!

2. GELDIALDIA. IBILBIDEAREN DISEINUA

  • Gure antolakundeko eremuak identifikatu eta zehaztu. A. Euskarria (Gaikako eremuak).
    • Bizitza Bilera
    • Bilera Estrategikoa
    • Plangintza Bilera
    • Ekonomia Bilera
    • Ikaskuntza Bilera

Gure antolakundearen behar eta ezaugarrien arabera eremu horiek egokitu (beharrezkoa balitz).

Proposatutako bost eremuak egokiak dira gure antolakunderako? Beharrezkoa al da moduren batean egokitzea? Beste eremuren bat gehitzea?

  • Jagole Rola zehaztu:
    Jagolearen funtzioak eta edukien gaineko proposamenak baloratu. B  Euskarria (Jagoleak).

Antolakundera egokitu.

Nor da eremu honen Jagolea? Zenbat denboraz?

-Eremu baterako Jagole epeak zehaztu.

-Eremuak horien Jagole diren pertsona zehatzei banatu.

-Eremu eta Jagoleen artean txandakatzeko epe eta irizpideak ezarri.

3. GELDIALDIA. BILERA KOMUNAK AURREIKUSI ETA EGUTEGIAN JARRI.

Taldean finkatu eta zehaztu puntu bakoitzeko datak eta Jagoleak. Gure antolakundean bost puntuen bilerak egutegian jartzen ditugu. Lantzen den gai bakoitza zaindu eta aitortza bera eman (bati besteari baino denbora gehiago emateak balorazio hobea eta proposatutako orekaren galera ekar lezake).

PUNTU JAGOLEA

DATA

Oinarrizko edukia
Estrategia
Plangintza
Bizitza
Ekonomia
Ikaskuntzak

ColaBoraBoraren ikaskuntzak, espedizio honen Aitzindaria

  • Garrantzitsua da eremu bakoitzari zaintza eta arreta berdina eskaintzea.
  • Gure antolakundeen ikuskera konbentzionalak Bizitza eremua bezalako gaiei aurre egitea zailtzen digu. Ikuspegi feminista batetik, beste begira batzuk baliatuta gure egoerarekin lotutako gaiak (nola gaude?) nahiz gure bizitzako eremuen arteko konexioak kontuan izan eta antolaketako ekinbideetan sartzen lagunduko digu.
  • Bilerei ekiteko hainbat modu pentsa genitzake: bilerak tokiz aldatu, bilera batzuk batu, atsedenleku baterako proposamena egin…
  • Ezinbestekoa da Jagoleen papera zaintzea, beraiek baitira eremuek funtzionatzea bermatzen dutenak, baita antolakundeko bestelako pertsonen parte hartzea ere.
  • Ikaskuntzen parte bezala eta antolaketarako orokorrean, garrantzitsua da jardunbidea sistematizatzea.
  • Eremu guztietan, «bizitza erdigunean jartzea» leloa ideia nagusi bezala berrartu behar dugu.
  • Eremu guztiak egutegian jarri, pertsona guztien parte hartzea errazteko bide bezala eta inor albo batera ez uzteko.
  • Prozesu honen aitzindari eta bidaiarien gaikako bilerak eredu eta maiztasun askotarikoak izan daitezke. ColaBoraBorak, adibidez, puntu bakoitzeko urtean bilera bat edo hiru artean egiten ditu (gehienetan bi), eta puntu/ bilera horiek asteroko lantaldeko bilerekin osagarritzen dira, horien egiteko nagusia antolakuntzaren egunerokoaren jarraipena izanik.
  • Saioetan askotariko tresna, metodologia, eredu edo materialak frogatu eta aztertu. Funtzionatzeko moduetan aldaketak emateko ezinbestekoak dira arakatzea eta esperimentatzea, saiatzeak eta hanka sartzeak.

Colaboraboraren fitxako lotura

Bost puntu Bost bilera
Jagoleak
Jagoleentzako gogoan izatekoak

A) Bost puntu Bost bilera

Deskargatu zure euskarria PDFn

  1. Bizitza Bilera: Sentimenak, sentsazioak, askotariko gaien inguruko beharrak, egoerak eta antolakundearekiko motibazioak, lantaldeari buruzkoak, harremanen ingurukoak edo proiektuei dagozkienak, baita gure bizitzaren inguruko bestelako gai garrantzitsuak partekatzeko eremua ere. Adierazi gabeko gauzak esateko balio du, elkarrizketak izateko eta geure burua aztertzeko eta gainerakoekin, ohikoa ez den beste hizkera, toki eta denbora batean esploratzeko. Prestatutako eremu formal bat da, eta momentu bakoitzean jorratuko den gaia edo proposamena aurrez zehaztua egongo da, bai eta hori lantzeko modua ere. Izaera pertsonalagoekin erasanda edo elkarri lotuta dauden eta antolakuntzako edozein jiteko alderdiak ukitzen dituen zernahi gai edo proposamen landu daiteke. Adibide batzuk:
    • Nola sentitu naiz edo eragin dit halako momentuak edo proiektu honek, iragana-oraina-etorkizuna?
    • Etorkizuneko planak, nola ikusten dugu lantaldea edo hemen gauden pertsona bakoitza bost urtetara?
    • Zertan edo nola ematen ditut eguneko nire denborak, eguneko 24 orduak? Egungoa eta etorkizunerako nahiak. Bakarkako azterketa + partekatu eta komentatu.
    • Antolakundearekiko oraingo motibazioak, zertarako daukat gogo gehiago edo gutxiago, zertan gustatuko litzaidake denbora gehiago edo energia gehiago eskaintzea?
  2. Bilera Estrategikoa:Ikuspegi estrategiko batetik antolakundearen ekintzak eta helburuak aztertzeko eremua da. Zertan aritu nahi dugu? Zeintzuk dira gure helburuak? Norekin egingo dugu? Norabide aldaketak, proposamen berriak, etab. Kolektibo bezala hartuko dugun norabidean guztiak bat eginda egoteko balio du.
  3. Plangintza Bilera: Iraganeko, orainaldiko eta etorkizuneko prozesu eta proiektuak ikusarazteko eremua da, eta horietako bakoitzeko denborak, zereginak eta pertsonak kokatzekoa. Urteko lana errazteko balio du, gure artean koordinatu eta bakoitza zertan dabilen jakin eta ikuspegi bateratua izateko.
  4. Ekonomia Bilera: Baliabideak ikusarazteko eremua. Gure kostu eta gastuen jakitun egitea, eta jarduna aurrera eramateko behar ditugun baliabideak eta talde osoaren mantenua aurreikustea. Urtean zehar, guztiek taldearen edo antolakuntzaren kontuen berri izateko balio du eta modu arduratsuagoan baliabideak zaintzeko eta bilatzeko.
  5. Ikaskuntza Bilera: Aurrera eraman ditugun ikaskuntza prozesuak jaso, gogoratu eta partekatzeko eremua da, arlo guztietakoak, bai besteentzat egindakoez aritzeko baita gure dinamika propioez eta egiteko moduez ere. Nola lan egiten dugun kontzienteago izateko balio digu, eta egiteari utzi behar diogunaz konturatzeko edo, alderantziz, zerbaiti garrantzia eman eta egiten jarraitzeko.

B) Jagoleak

Deskargatu zure euskarria PDFn

Zer diren

Zaintzako rol edo irudia da. Dagokion gaiaren inguruan, taldearen eta antolakundearen ideia, sentimendu, behar eta eskakizunetara adi dago. Txandakatzen doan rola da (urtero edo bi urtero) eta funtzioa bere gain hartzen duenaren ahalduntzea sustatzen du. Momentu oro pertsona guztiak gara eremu bateko Jagole, baina zaintzen ditugun eremuak txandakatzen ditugu.

Zereginak eta ardurak

  • Dagokion gaiko eremuan taldeari bide ematea eta laguntzea da bere funtzioa eta bilera bakoitzerako proposamena, zeregin zehatza eta egokia aurkeztea.
  • Bilera prestatzeaz, deitzeaz eta dinamizatzeaz arduratzen da, momentu, egoera edota gai bakoitzak eskatzen duen lan egiteko ereduak proposatuta.
  • Taldeko gainerako pertsonek Jagolearen autoritatea aitortzeko eta errespetatzeko konpromisoa hartzen dute eta bere lana eta denbora eskertzeko, bileretara agertzeko eta, horrela eskatzen bada, zereginak prestatuak eramateko erantzukizuna hartuta, gainera.
  • Zenbaitetan, gure laguntza eskainiko dugu edozein Jagolek beharko balu.

C) Jagoleentzako Oroigarria

Deskargatu zure euskarria PDFn

Mahaian ikusgai izateko tolesgarria, momentu oro buruan izanda gure Jagole lanaren garrantzia gogoratzeko eta kontziente izateko. Taldeari Jagoleen lanen banaketa gogorarazten die eta antolakundean ikusarazten da.