KOMUNIKAZIO ENPATIKOA


Esperimentu hau proposatzen dizuegu gure komunikazio-gaitasunak hobetzeko eta gure espazio kolektiboetan txertatzeko.

Komunikazioa da gure tresnarik beharrezkoenetako bat. Horregatik, garrantzitsua da logika patriarkalak gainditzen dituzten komunikazio-trebetasunak berreskuratzea: oldarkortasuna, entzute falta, eredu eta kanaletan aniztasunik eza, hizkuntza sexista… Tresna hau Marshall B. Rosenberg -en Indarkeriarik Gabeko Komunikazioaren ereduan (IGK) dago oinarrituta, eta entzute aktiboa, asertibotasuna eta enpatia dira bere gakoetako batzuk. IGK eredu hegemoniko eta tradizionalki maskulinoak direnen aurrean proposatu zuen, non zaintzarik ez dagoen eta logika indibidualak eta protagonismoan zentratutakoak saritzen diren.

OINARRIAK

  • Erakundeari esperimentua azaltzea
  • Taldeko balorazioa: zertarako, zer dakarren, nola antolatuko garen eta esperimentu honekin zer lortu nahi dugun.
  • Taldeko akordioa (zer egingo dugun, noiz, eta nork bultzatuko duen). Esperimentu hau zehazki zein espaziotan eta zein maiztasunekin aplikatuko dugun zehaztuko dugu.

PROPOSAMENAREN DISEINUA

  • Talde bat behar dugu esperimentua bultzatzeko, jarraipena egiteko eta amaieran lorpenen ondorioak partekatzeko.
  • Talde honek:
    • Proposatutako materialak berrikusiko ditu eta erakundera egokituko ditu.
    • Antolakundea proposatutako topaketetara gonbidatuko du.
    • Espazioak dinamizatuko ditu edo hori egingo duenaz arduratuko da.
    • Amaitutakoan taldean ondorioak partekatzea bultzatuko du (gure proposamena da esperimentua bukatutakoan eta hilabete batzuen ostean egitea).

PRAKTIKATU

Esperimentu honetan, INDARKERIARIK GABEKO KOMUNIKAZIOAren inguruko hausnarketak eta proposamenak txertatzea proposatzen dizuegu, gure erakundeetan komunikatzeko moduak hobetzeko eta eredu seguru eta ahalduntzaileetarantz joateko.

Esperimentu honen bidez, indarkeriarik gabeko komunikazio enpatikoaren eredu hau praktikan jartzea proposatzen dizuegu, gure erakundeetan posible dela ikustea eta gure funtzionamendua eta harremanak hobetzeko moduak aztertzea.

Hiru une proposatzen dizkizuegu:

Hausnarketa

Indarkeriarik gabeko komunikazioaren inguruko azalpen eta hasierako eztabaida kolektiborako unea da. Kanpoko laguntza jaso dezakezue edo materialetan eta bibliografian emandako informazioa berreskuratu.

Edozelan ere, erne egon behar dugu ikuspegi indibidualistan ez erortzeko eta ez ahazteko espazio hauetan ere botere harremanak gerta daitezkeela.

IGKren inguruko proposamen hauek erabilgarriak dira oro har, baina, bereziki interesgarriak dira talde-lanean desadostasunak edo gatazkak daudenean.

IGK norberaren adierazpen zintzoan eta besteei errespetuz entzutean (enpatia) oinarritzen da, 4 osagairen bidez:

  1. GERTAKARIAK BEHATZEA:
    Gertakariak eta informazioak ahalik eta modu objektiboenean deskribatzea eta balio-iritziak saihestea, jakinda ez dagoela errealitatearen azterketa unibertsal edo bakar bat eta desberdintasun-harremanek ere eragiten dutela.
  2. SENTIMENDUEN ADIERAZPENA:
    Nola sentiarazi zaitu? Gure burua adierazterakoan asertibotasuna sustatzen du eta entzuten gaituztenengan enpatia bultzatzen du. Gure emozioez arduratzea ere errazten du, emozioak eremu pribatuan soilik adieraz daitezkeela dioen logika soziala gaindituz.
  3. BEHARREN ADIERAZPENA:
    Zer behar dut une honetan eta etorkizuneko egoeretan? Gure sentimenduek sortzen dituzten beharrak, balioak, desirak eta abar.
  4. ESKAERA BATEN FORMULAZIOA:
    Arazoak konpontzeko eta gure bizitzak eta antolakundeak aberasteko eskatzen ditugun ekintza zehatzak.

Gure ustez, IGKren proposamen horien osagarri, hizkuntzaren ez-sexista erabili behar da, pertsona guztiak ikusgarri izateko eta genero-estereotipoak ez errepikatzeko. Gainera, iruzkin sexistak ez ezik, homofoboak, arrazistak edo bestelako zapalkuntzak sustatzen dituztenak ere guztiz baztertu behar dira, eta begirada intersekzionalaren alde egin.

Era berean, ezinbestekoa da ulertzea komunikazioa ez dela esaten duguna bakarrik eta, horrenbestez, hitzezko hizkuntza eta hitzik gabekoa hartu behar ditugu kontuan. Horregatik, tonua, erritmoa, gorputz-hizkuntza, begirada edo jarrera (gorputza, aurpegi-adierazpena, eskuak…) bat etorri behar dira planteatzen ari garenarekin.

Akordioak eta materialak sortzea

Bi material sortzea proposatzen dizuegu, adostasun batzuk definitzeko balio dezaten eta modu sortzailean zuen antolaketa-espazioetan ikusgai egon daitezen.

IGK-REN 4 URRATSAK.  Taldean 4 pausoak jasotzen dituen kartel bat egitea, adibide zehatzekin (IGK zer den eta zer ez den, urrats bakoitzaren adibide zehatzak…) 

GURE AURRETIKO AKORDIO kolektiboak komunikazio feminista eta zainduago baterako.

IGK martxan jartzeko modu egoki bat taldearen funtzionamendurako gure aurretiko akordioak kolektiboki eraikitzea da. Horrela, taldean dugun komunikazioa nolakoa den, zer sentimendu sortzen dizkigun, zer beharko genukeen eta taldeari zer eskatzen diogun baloratu ahal izango dugu. Eta hortik akordioetarako talde-proposamen bat atera.

Ideia batzuk partekatzen dizkizuegu, baliagarriak izango zaizkizuelakoan:

  1. IGK-ren 4 urratsak jarraitzea
  2. hitz egin aurretik pentsatzea
  3. hitzartzeen denbora-muga zehaztea
  4. kideak ez moztea
  5. hitz egiteko txandak errespetatzea
  6. mugikorra isilaraztea eta ez erabiltzea
  7. ez errepikatzea besteek esandakoa edo guk geuk esandakoa
  8. iruzkin sexistarik, homofoborik eta arrazistarik ez
  9. hizkuntzaren erabilera ez-sexista
  10. hitzezko nahiz hitzik gabeko komunikazioa zaintzea

Espazioak, figurak edo rolak definitzea

IGK erabiliko dugun espazioak eta berau sustatzeko rolak eta figurak zehaztea.

Esperimentu honen oinarrietan azpimarratu dugu IGK zein momentu eta espaziotan erabiliko dugun definitzearen garrantzia. Esperimentuaren hirugarren une honetan, hasieran definitutako espazioak berrikustera animatzen zaituztegu, eta aztertzea nola eta non sustatzen jarraitu dezakegun etorkizunean.

Konpromiso hori indartzeko proposamen interesgarria da erakundeari zeregin horretan lagunduko dioten figura edo rol batzuk definitzea, gure erakundean komunikazio enpatikoaren eredu hori finkatzen eta eraikitzen lagunduko duten dinamikak, ariketak eta metodologiak proposatuz.

Komunikazio enpatikoaren kartela