GORPUTZ KOLEKTIBOA

Esperimentu honetan jauzi emozional bat proposatzen dizuegu: gure egoera indibidualetik kolektibora.

Esperimentu honekin gure egoera fisiko eta mentalari balioa emango dioten eta kontzientzia hartzen lagunduko diguten antolaketa-espazioak sortzea proposatzen dizuegu, gure bizitzetarako eta erakundeetarako iraunkorrak diren aktibismoak edo lan-ereduak sortzeko orduan duten garrantzia aitortuz. Gure egoera indibiduala antolakundearenarekin lotuko dugu, autozaintzak zaintza kolektiboarekin duen harremana aitortuz.

OINARRIAK

  • Erakundeari esperimentua azaltzea
  • Taldeko balorazioa: zertarako, zer dakarren, nola antolatuko garen eta esperimentu honekin zer lortu nahi dugun.
  • Taldeko akordioa

PROPOSAMENAREN DISEINUA

Talde bat behar dugu esperimentua bultzatzeko, jarraipena egiteko eta amaieran lorpenen ondorioak partekatzeko.

Talde honek:

  • Prozesua diseinatuko du: proposatutako dinamika aplikatzeko espazioak eta denborak.
  • Proposatutako materialak berrikusiko ditu eta erakundera egokituko ditu.
  • Antolakundea proposatutako espaziora deituko du.
  • Amaitutakoan taldean ondorioak partekatzea bultzatuko du (gure proposamena da esperimentua bukatutakoan eta hilabete batzuen ostean egitea).

PRAKTIKATU

Esperimentu honetarako dinamika bat proposatzen dizuegu erakundearen eta osatzen duten pertsonen egoera fisiko eta emozionala ikuspegi kolektiboago batetik begiratzen ikasteko eta hobetu daitezkeen elementuetan pentsatzeko.

Dinamika ariketa bakar batean gara daiteke, etorkizunerako konpromisoekin amaituz, edo ibilbide bat sor daiteke, gure erakundearen egoerari eta/edo erakundeko pertsonen ongizate-egoerari buruzko ikuspegi zabalagoa izateko (antolaketa-gune edo une kolektibo desberdinetan). Hasiera batean 2 ordukoa izan daiteke, eta taldearen eta edukien arabera iraupena aldatu.

Gune segurua, konfiantzazkoa, errespetuzkoa eta entzute aktibokoa sortzera animatzen zaituztegu. Zaintzarako unea izan dadila bere horretan, bai eta erakundeko pertsonen arteko topagune ere. Horretarako, nahikoa denbora hartu behar dugu eta espazioa oinarrizko elementu batzuekin hornitu (ura, fruta, musika…) eta hainbat material izango dituen saski edo kutxa bat (margoak, koloretako paperak…).

Garrantzitsua da dinamikari behar duen denbora eta sinbolismoa ematea, ez dezan bere zentzua galdu eta beste ariketa batean bihurtu, gure erakundeen egunerokotasunean eraldatzeko ahalmenik gabe. Azken urteotan, gero eta ohikoagoak dira gure antolaketa-espazioetan emozio-txandak, gure erakundeetan dauden elementu emozionalak ikusarazteko tresna gisa erabili ohi direnak. Baina, esperientziak ohartarazten digu, prozesua aldizka zaintzen eta berrikusten ez badugu, jomuga galtzeko aukera dagoela.

Esperimentu honek hiru une ditu: autozainketarekin lotutako lehen dinamika bat, zaintza kolektiboekin lotutako bigarren une bat eta espazioaren aurkikuntzetan oinarritutako akordioak zehazteko itxiera bat.

Esperimentu honek hiru une ditu: autozainketarekin lotutako lehen dinamika bat, zaintza kolektiboekin lotutako bigarren une bat eta espazioaren aurkikuntzetan oinarritutako akordioak zehazteko itxiera bat.

NOLA GAUDE?

Lehen une honetan, espazio lasai eta egoki bat sortuko dugu gure egoerari buruzko gogoeta indibiduala egiteko, dimentsio fisiko batetik afektiboago edo emozionalago batera.

Taldera egokitu daitezkeen esaldi eta galdera motibagarri batzuen bidez, nor bere egoeraz jabetzea proposatzen dizuegu. Lagungarria izan daiteke hondoan musika instrumentala izatea, atmosfera aldatzeko. Halaber, garrantzitsua da isiluneak eta etenaldiak errespetatzea, pertsonei dinamikarekin konektatzeko denbora emateko.

Jar zaitez eroso, itxi begiak eta konektatu orainarekin eta espazio honekin. Arnasketak lagun gaitzake, honek bizitzara, gure zaurgarritasunera, gorputzera eta bizi garen lurraldera lotzen gaitu. Gure arnasketa entzun dezakegu, airea senti dezakegu gure gorputzean zehar, bere tenperatura, bere usaina… Gure gorputzeko hainbat ataletan gertatzen diren aldaketak suma ditzakegu bere igarotzearekin batera: sudurrean, eztarrian, bularrean, bultzatzen duen diafragman, puzten diren abdominaletan…

Zer moduz nago? Nola nago espazio honetara iristean? Zer moduz dago eusten nauen gorputz hau? Baliteke gorputzeko lekuren batean mina izatea (bizkarrean, buruan, sabelean…), edo energiaz topera egotea, sabela beteta edo hutsik egotea, atseden hartuta edo nekatuta…

Eta, nola daude nire emozio eta sentimenduak? Pozik sentitzen naiz, triste, arduratuta, irrikatsu, ilusioz, beldurtuta, ziurgabetasunarekin… Agian ez dakit sentitzen dudanari izenik jartzen, baliteke metafora baten bidez errazago azaltzea: “Txinparta bat banintz bezala sentitzen naiz, ekaitz baten moduan…”. Pentsatu zure gorputzaren zein aldetan nabaritzen dituzun sentimendu hauek: presio bat bularrean, tximeletak tripan, irribarrea zure aurpegian, gelditu ezin duzun oina…

Apurka-apurka zabaldu zure begiak. Marraztu zure gorputzaren silueta bat eta jar itzazu zure aurkikuntzak atal desberdinetan, erabili hitzak, marrazkiak edo nahiago duzuna. Orri hau zuretzat da, nahi duzuna jar dezakezu.

Emozioen gutunak ere utziko dizkizuegu, prozesuan zehar sentitutako emozio batzuei hitzak jartzeko baliagarriak izan dakizkizuelakoan.

Hausnarketa pertsonal txiki honen ondoren, autozainketari buruzko hausnarketa kolektibo bat egitea proposatzen dizuegu galdera batzuei erantzunez. Antolaketa-unearen arabera, gogoeta indibidual edo kolektibo gisa mantentzea erabaki dezakezue.

  • Zenbat ordu egiten dituzu lan egunean (ordainduta zein ez)?
  • Behar bezala elikatzen zarela uste duzu? (ordutegiak, kalitatea, aniztasuna…)
  • Nahikoa lo egiten duzula uste duzu? Lo egiteko botikarik erabiltzen duzu?
  • Zure bizitzako esfera desberdinak konektatu ditzakezu? Lanekoa, komunitatekoa, pertsonala, intimoa…
  • Estresarekin bizi zarela uste duzu?
  • Estresatuta zaudenean, zer egiten duzu hobeto sentitzeko?
  • Zer baldintza mesedegarri dituzu autozaintza praktikak martxan jartzeko?
  • Zer zailtasun dituzu autozaintza praktikak martxan jartzeko?

IM-Defensoras-eko kideek azaldu bezala, autozainketaren kontzientzia pertsonal eta kolektiboa feminismoaren elementu urratzaile bat da, guztiontzako nahi ditugun oinarrizko eskubideetako batzuk gaurdanik bizitzeko aukera ematen diguna, nahi dugun mundua eraikitzeko funtsezkoa den askatasun-, sendotasun- eta itxaropen-esperientzia bat sortuz[1].

Jarraian, autozaintzarako zenbait gomendio dituzue. Berritzaileak ez diren arren, ondo dago gogoratzea, gure bizi-kalitatea asko hobetzen baitute. Erabili ohi ditugu? Zergatik? Ez baditugu erabiltzen, genero, arraza eta klase elementuekin lotuta dago hori?

NOLA DAGO GURE GORPUTZ KOLEKTIBOA?

Esperimentuaren hasieran planteatu bezala, funtsezkoa da autozainketaren inguruko hausnarketekin batera horrekin lotutako antolakuntza praktika eta erantzukizunak lantzea. Ez dugu zaintza gure bizitzako elementu intimo eta pribatu bezala ulertu behar. Pertsonala politikoa da dioen leloa jarraitu behar dugu eta antolakuntza eta lan espazioetan zaintza-erantzukizunik ez dagoelako irudipenarekin apurtu.

Gure silueta propioa landu eta hausnarketa kolektiboa egin ondoren, zuen siluetako bi ideia edo elementu aukeratzea proposatzen dizuegu, taldearekin partekatu nahi dituzuenak. Idatzi labur-labur edo marraztu, bakoitza txartel batean.

Gure proposamena tamaina naturaleko silueta bat eraikitzea da, eta bertan jartzea txartelak, zentzuzkoa iruditzen zaigun gorputzeko guneetan. Txartelekin egin dezakegu, edo pertsonei denbora emanez, ideiak paperean bertan marraztu ditzaten.

Asmoa da paperografia hori metaforikoki gure gorputz kolektiboa izatea, antolakundeen zutabe nagusietako bat horiek osatzen ditugun pertsonak baikara.

Hartu dezagun tarte bat gorputz kolektibo hau ikusteko eta parteka dezagun:

  • Zerk ematen digu atentzioa?
  • Zer esaten digu irudi kolektiboak?
  • Non dago min gehien? Elementu positiboriok al dago? Eta plazerik?
  • Non daude gure egoera partekatuak?
  • Genero-azterketa bat dagoela uste dugu?

Gure erakunde eta kolektiboetan egin dezakegun zaintzari dagokionez, taldeko hausnarketa laguntzeko galdera batzuk:

  1. Ordutegi orekatuen errutinak ditugu?
  2. Nire erakundean lan-baldintza egokirik dago? Praktikan jartzen dira? Ondo sentitzen gara eskatzen ditugunean?
  3. Espazio atseginak eta aireztatuak ditugu lanerako eta aktibismorako?
  4. Jazarpen eta indarkeria egoerei aurre egiteko mekanismorik dugu?
  5. Elkarlanerako metodologiak jarraitzen ditugu?
  6. Nork zaintzen ditu gure espazioak? Eta pertsonak? Lan hau aitortzen da?
  7. Lantaldeen arteko lankidetza eta elkartasuna sustatzen da?
  8. Zeregin indibidualak kontrastatzeko espazio kolektiborik dugu?
  9. Barne-gatazkak kudeatzeko mekanismorik dugu?
  10. Ba al dugu babes eta euspen emozionalik halakorik behar duten ekintza eta jardueretan? Taldearen kudeaketa emozionalerako espazioak ditugu?
  11. Ba al dugu autozaintzarako eta garapen profesionalerako baliabiderik?
  12. Gaizki gaudenean edo gure burua zaintzen ez dugula ikusten dutenean jakinarazten diguten pertsonak ditugu inguruan?
  13. Zaintzarako prebentzio-neurririk dugu?
  14. Aurrerapenak, hobekuntzak, gure harremanak… ospatzeko momentuak ditugu?

ETA ORAIN ZER?

Azken ariketa oso garrantzitsua da. Denon artean definitu behar dugu nola jarraituko dugun. Dinamikan zehar ateratako hausnarketei eta proposamenei heltzeko neurri eta konpromiso zehatzak adostu behar ditugu.

Prozesuari balioa eman eta antolakuntza-konpromisoren bat hartzeko unea da, dinamika ez dadin horretan geratu, eraginik gabe eta taldean frustrazioak sortuz.