ZAINTZARAKO ESPAZIOAK
Zuen antolaketa-espazioak berrikustea proposatzen dizuegu, haien antolaketaz jabetzeko eta hobetzeko, eta, horrela, zaintzarako eta gozamenerako espazio bat sortu eta lan-eredu kolaboratzaile eta berdintzaileago bat garatzeko.
Asmoa da gure erakundeetan partekatzen dugun espazio fisikoa aprobetxatzea modu kolektiboan berrikusteko zer ulertzen dugun zaintzaz eta nola zehazten den. Zaintzaren dimentsio indibiduala eta kolektiboa aztertuko ditugu, eta horien antolaketan eta banaketan ere gertatzen diren genero-desberdinkeriak berrikusiko ditugu. Hori guztia, espazio jasangarri eta feministagoak sortzeko, bertan bizi garenontzako eta gure erakundeen osasun onarentzako.
OINARRIAK
- Erakundeari esperimentua azaltzea
- Taldeko balorazioa: zertarako, zer dakarren, nola antolatuko garen eta esperimentu honekin zer lortu nahi dugun.
- Taldeko akordioa
PROPOSAMENAREN DISEINUA
- Talde bat behar dugu esperimentua bultzatzeko, jarraipena egiteko eta amaieran lorpenen ondorioak partekatzeko.
- Talde honek:
- Proposatutako materialak berrikusiko ditu eta erakundera egokituko ditu
- Antolakundea proposatutako 3 topaketetara gonbidatuko du
- Amaitutakoan taldean ondorioak partekatzea bultzatuko du (gure proposamena da esperimentua bukatutakoan eta hilabete batzuen ostean egitea)
PRAKTIKATU
Esperimentu honetarako bi saio irudikatu ditugu. Nolanahi ere, iraupena erakunde bakoitzaren araberakoa izango da. Saio gehiago egin daitezke, laburragoak, edo modu intentsiboagoan landu.
Saio bakoitza zaintzarako, gozamenerako eta erakundea osatzen duten kideen topaketarako unea izan dadila gomendatzen dugu. Horretarako, nahikoa denbora hartu behar dugu eta espazioa oinarrizko elementu batzuekin hornitu (ura, fruta, hainbat material, musika…).
ZER DA ZAINTZARAKO ESPAZIO BAT? ETA GUREA?
Lehenengo saioan zaintzarako espazioak nola irudikatzen ditugun hausnartuko dugu. Elkarlaneko metodologia batekin gure erakundean zaintza ikusarazi eta hobetzeko garrantzitsuak diren elementuak landuko ditugu.
ESPAZIO IDEALA 5 ZENTZUMENEKIN
Lan egiteko eta/edo aktibista izateko espazio ideala irudikatzea proposatzen dizuegu.
5 ZENTZUMENEKIN | |
---|---|
Ikusmena | Zer ikusten da? Non daude pertsonak? Zer espazio hartzen dute? Elkarrekin ala bananduta daude? Nola banatzen da espazioa?
Nola dago antolatuta espazioaren eta altzarien banaketa? Zeintzuk dira? Espazio finkoak edo mugikorrak eragiten dituzte? (mahaiak, tresnak…). Irisgarriak dira pertsona guztientzat? Nola kudeatzen dira baliabideak? (birziklapena, energia…) Nola daude apainduta? Afixak… Garbi eta ordenatuta daude? Zaintzarako berariazko espaziorik al dago? Kafe-makina, atsedenlekua, ospakizunerako gunea… |
Entzumena | Zer ikusten da? Non daude pertsonak? Zer espazio hartzen dute? Elkarrekin ala bananduta daude? Nola banatzen da espazioa? |
Usaimena | Zer usain dago? Janariarena, loreena, aire freskoarena, garbitasunarena… |
Dastamena | Zer nolako hitzak nabaritzen dira? Zer zapore dute? (lankidetza; zer behar duzu?, zelan zaude?, ideiak, erantzunak, une kolektiboak… Zaintza, ekologia, feminismoak…) |
Ukimena | Kontakturik al dago? (pertsonak gertu daude, urrun… teklatua baino ez duzu ukitzen?)
Talde lanerako espaziorik dago? Ba al dago hori errazten duen tresnarik? Materialak, arbelak, teknologia… Leku segurua da pertsona guztientzako? |
- Zentzu bakoitzari kolore edo forma grafiko bat ezar diezaiokegu, eta zentzu bakoitzeko txartel bana egin. Horrela, txartel bakoitzean hitz edo ideia bat jartzera animatu dezakegu taldea.
- Ondoren, hausnarketak partekatuko ditugu, ateratzen doazen ideia guztiak ageriko lekuan jarriz. Ideiak antolatuko ditugu, horien arteko loturei erreparatuz, gehien agertzen direnengan arreta jarriz… Ez dugu inor epaituko eta ikuspegi zabalarekin entzungo ditugu kideak, gure aniztasuna hobeto ikusteko eta taldea hobeto ezagutzeko.
- Amaieran beste hitzartze-txanda bat egingo dugu deigarria iruditu zaiguna komentatzeko, gustatu egin zaiguna…
GURE ESPAZIOA 5 ZENTZUMENEKIN.
Bigarren momentu batean gure lan eta/edo aktibismo espazioak aztertzeko fitxa bat sortuko dugu. Taldean espazio idealaren ariketatik ateratako edukiak berrikusiko ditugu eta gure erakundearen bisita egiteko prestatuko gara. Taldearen eta espazioaren tamainaren arabera modu desberdinetan bete dezakegu, baina, edozelan ere, talde osoa gune guztietatik pasatzea gomendagarria da.
Bisitari kutsu sortzaile edo dibertigarri bat ematera animatzen zaituztegu. Adibidez: museo edo aztarnategi batean bezala, espazio bakoitzean aritzen direnek talde osoari modu antzeztuan azaldu ahal diote espazio hori.
Azterketa-fitxak taldean egoteko eta kide bakoitza bere espazioan (edo espazioetan) kokatzeko eta berau aztertzeko tarte bat gordeko du.
Espazioa | Indarguneak eta ahuleziak 5 zentzumenen arabera | Proposamenak |
---|---|---|
Nire ohiko espazioa (mahaia, aulkia…) | ||
Nire ohiko gela | ||
Beste gela batzuk | ||
… | ||
… | ||
Bilera-gela | ||
Biltegia | ||
Komuna | ||
Sarrera |
Egokiena da bisitaldian zehar pertsona guztiak fitxa betetzen joatea eta jarraian proposatzen ditugun talde txikietan idatzitakoa partekatzea.
Lehen espazio bat planteatzen dugu talde txikietan, informazioa koloretako txarteletan edo antzekoetan antolatzeko:
- Mantendu
- Ezabatu
- Proposamen berriak
- Zalantzak (taldean akordiorik lortu ez dugun gaien inguruan, haientzako konponbiderik topatu ez ditugun gaiak…)
Interesgarria da taldeen osaera ondo pentsatzea: ausaz egin ala ez, normalean espazioak partekatzen ez dituzten pertsonak nahasteko dinamikaren bat egin ala ez, beste aukera batzuk… Komeni da taldera eta dinamikaren helburuetara egokitzea.
Taldeak egitearen helburua informazioa partekatzea eta hobetzeko proposamena ontzen jarraitzea da. Horretarako, hasierako 5 zentzumenen dinamikan ateratako ideiak gogoratuko ditugu.
Taldeen gogoetan lagundu dezaketen galdera batzuk:
- Zer elementuk edo espaziok oztopatzen dute parte-hartze horizontala, bidezkoa eta kalitatezkoa? Nola alda ditzakegu?
- Gure espazioek hierarkia edo desberdinkeriarik erreproduzitzen dute baliabideen eta ikusgarritasunaren eskuragarritasunari eta kontrolari dagokionez? Nola saihestu?
- Zaintzari espazio ikusgarri eta balioetsi bat ematen diogu? (denbora, espazio fisikoa, sinbolikoa…)
- Espazioetan zaintzaren aldeko apustua politika ekologikoa edo lan-baldintza duinen aldekoa bezalako beste hautu batzuekin lotzen dugu?
Ondoren, gure espazioaren inguruko hausnarketak partekatuko ditugu taldean.
Partekatze lan horretan eta lan-espazio desberdinetan, ahots guztiak entzuten direla ziurtatu behar dugu eta parte-hartzea erraztu, horretarako hizkera, tonua, materialak eta metodologiak egokituz.
Horretarako, gure erakundearen PLANO bat erabiliko dugu, ahalik eta handiena. Bertan, honako hauek irudikatuko ditugu.
- Oinarrizko elementu arkitektonikoak (ateak, leihoak, hormak, altzari nagusiak…)
- Taldeko kide bakoitza non egoten den
- Koloredun txartelak: mantendu beharreko elementuak, ezabatzekoak, proposamenak eta zalantzak.
- Planoa taldean amaitutakoan, espazio komun bat prestatuko dugu sortu dizkigun sentsazioak eta ideiak partekatzeko. Ondoren, LEHENESPENA egingo dugu denok batera. Pertsona bakoitzak 3 marka/eranskailu jarri ahal izango dizkio bere ustez espazioaren zaintza hobetzeko garrantzitsuena den proposamenari edo aldaketa-beharrari.
Proposamen posible batzuk:
- Zaintza kolektiborako une baten maiztasuna eta edukia definitzea. Adibidez, bilera bat hilean.
- Erakundearen politika ekologikoarekin lotutako zaintza-politika taldean diseinatzea.
- Biltegia berrantolatzea kaferako edo janarirako gune bat jartzeko.
- Taldeko kide bakoitzaren aulkien eta mahaien kokapena berrikustea.
- Gutxienez bi landare espazio bakoitzeko.
- Zaintzarekin eta espazio seguruekin lotutako kartelak jartzea bilera-gelan.
- Bilera-gela berrantolatzea.
- Ospakizunetarako espazio fisiko bat edo tarte bat zehaztea.
- Taldeen bileretarako zaintza-metodologiak zehaztea (hitzartze emozionalak, rolak txandakatzea, zaintza-rola…)
Saioa dinamizatzen duen taldeak lehenespenean ateratako eduki eta akordio guztiak bilduko ditu hurrengo saioan horiek gehiago lantzeko.
ELKARREKIN SORTZEN
Bigarren lan-saio bat ezarri aurretik adostutako hobekuntzak praktikan jartzeko.
Taldearen tamainaren arabera, hainbat azpitaldetan banatu gaitezke zereginak banatzeko. Gogoan izan, espazioak berak zainduta egon behar duela, gozatzeko unea izan behar duela eta talde-kohesioa sortu behar duela.
Talde bakoitzak zeregin bat du (baten bat kolektiboagoa izan daiteke). Espazioari balioa eman, garbitu, gure gustura antolatu… inoiz egiteko denborarik ez dugun gauza horiek egin, eta lanorduetan egin, gogoz, hori ere garrantzitsua delako.
Talde bakoitzaren lana amaitzean, denbora eman emaitzak ikusteko, behar duen lekua eman, egindakoa ospatu eta egiteko dauden akordioak gogorarazi.