Elkar zaintzen
Prozesu honekin zaintza lanen egoeraren inguruko eztabaidari ekarpena egin nahi diogu, bai ikuspegi indibidualetik (nola zaintzen dugu elkar?), eta baita antolaketa-ikuspegitik ere (zer leku hartzen dute zaintza lanek gure elkarteetan?).
Genero analisi feminista baten alde egiten dugu, hobeto ulertzeko zergatik hartu izan diren emakumeen erantzukizun gisa, zer dela eta ikusezin bihurtzen diren hainbat espazio sozial eta politikotan edo zergatik ez diren aintzat hartzen, beste hainbat analisiren artean.
Prozesu osoan zehar gako nagusiek apustu feministarekin eta antolakundeko aldaketa feministarekin dute lotura. Erakunde aldaketa honek hiru mailako aldaketak uztartzen ditu: banakakoak, harremanetakoak eta antolakuntzakoak; praktika pertsonalez jabetzetik hasi eta inplikatutako erakundeetan zaintza-praktikak instituzionalizatzeko beharreraino. Betiere jendarte-aldaketaren ikuspuntutik, praktika puntual zein azalekoak gainditu eta epe luzekoetan begirada jartzeko, egiturazko aldaketan, hain zuzen ere.
Zaintza-lanak gure erakundeetan txertatzeko eta, areago, mundua feministago bihurtzen lagunduko diguten antolakundeak eraikitzen jarraitzeko denbora beharko dugu. Hortaz, onena geure burua zaintzea da, prozesuaz gozatzea eta beste batzuekin partekatzea!
Azaldu dizuegun guztia Creative Commons lizentziarekin argitaratu dugu, beraz, zuen erakundeetara egokitu eta erabili! Webgunean prozesu horrekin lotutako beste material batzuk ere aurkituko dituzue eta Bidaiarako beste gida batzuk izeneko atala, guri baliagarria izan zaigun bibliografiarekin.
Espero dugu zuen aurrerapenak eta lorpenak gurekin partekatzea, haiengandik ere ikasi ahal izateko.
Azken urteotan, mugimendu feminista desberdinek bultzatuta, ikusgarritasun handiagoa eman zaio zaintzaren aferari, are gehiago zaintza lanen krisiaren eta pandemiaren testuinguruan. Eztabaida hainbat ikuspegitatik jorratu da: etxeko eta zaintza lanen prekaritatea, zaintza-kate transnazionalen nazioarteko eraginak, lan-eskubideak eta lan-ereduak, zaintza-premien aurrean emandako erantzunak (publikoa vs komunitarioa), eremu pribatuko zaintza-lanen bidezko banaketan dauden gabeziak… besteren artean. Interdependentzia eta ekodependentzia, zaintzen etika, bizitza iraunkorrak… izan dira azken urteotako hausnarketa politiko eta sozialetako gako batzuk. Horiek guztiek gaurkotasuna ikuspegi kritikoz aztertzera garamate, eta horrek harreman pertsonalak, lanekoak, familiakoak, sozialak eta instituzionalak errotik berregituratzea eskatzen du.
Esparru horretan garatzen dute bereziki feminizatutako sektore sozialeko langile eta aktibistek euren eguneroko jarduna. Jardun horretan eragin handia dute, besteak beste, prekaritateak eta lan-baldintza eskasek, eta gabeziak sortzen dituzte pertsonen eta taldeen ongizatean. Horrek kontraesan handia suposatzen du testuinguru horietan pertsonen eta planetaren bizitza hobetuko duten jendarte, antolakuntza eta pertsona ereduak eraikitzearen alde lan egiten duten elkarte eta mugimenduentzako. Egungo erronka benetako neurriak hartzea da, zaintza lanak lehen mailako arazo politiko gisa onartuak izateko, ez soilik haien ageriko alderdian, baizik eta antolakunde eta instituzioen eguneroko praktiketan ere.
Mugarik Gaben pertsonek eta erakundeek beste zaintza esperientzia konkretuak (esaterako, Medellingo Mujeres que Crean elkartearenak, gureak, edo beste hainbat erakunderenak) praktikan jartzea sustatu nahi dugu. Praktikek emaitzak emateko eta gure erakundeen, mugimenduen eta instituzioen balio eta helburuekin koherenteagoak izango diren funtzionatzeko moduetara gerturatzeko, zaintzaren aldeko apustua egitea ezinbestekoa deritzogu. Gainera, egitura horien parte garen pertsonen bizitza eta ongizatea hobetzeko lan eta aktibismo eredu jasangarriak bultzatu behar ditugu.
Zaila da zaintzaren aldeko apustua egitea, ez soilik sarreran aipatzen genuen agenda politiko eta sozialagatik, baita gure erakundeetan duen hedapenagatik ere. Apustu hori nola egin oraindik eztabaidan dago, baina garrantzitsua iruditzen zaigu argitzea nola ari garen ulertzen eta non jarriko dugun fokua prozesu honetan.
Eremu kolektiboan gutxienez funtsezko hiru elementu daudela uste dugu, nahiz eta horien arteko mugak desitxuratu egiten diren:
Prozesu honetan, hirugarren eremu honekin lotutako esperimentu batzuk proposatu ditugu, oraindik ere eraikuntza prozesuan dagoela ulertuta eta aldaketa-praktikak zabaltzen jarraitzeko asmoarekin.
Era berean, “Ikusezinean Bidaiatzen” ekimenean proposatutako ibilbideak berrikustera animatzen zaituztegu, eta, bereziki, zaintzarekin argiago lotutako horietako bi:
SENTIMENAK
Ibilaldi honek emozioak (euren aniztasunean) botereen kudeaketan eta erabakiak hartzean ikusgarri egitea proposatzen du. Eremu kolektiboetako erabakietan, hasieran eta bukaeran, hitzartze emozionalak sartzea proposatzen du.
TALDE-LANA
2022 honetan, espazio askotan aukera izan dugu beste pertsona eta kolektiboekin zaintzaren inguruko esperientzia praktiko eta teorikoak elkarbanatu eta ikasteko.
Esperientzia horietako batzuk partekatuko dizkizuegu, hurrengo kolektiboekin izandako elkarrizketetatik ateratakoak: Calala, L’Esberla, Mujeres que Crean eta Mugarik Gabe.
LABURPEN GRAFIKOA
Era berean, aurtengo urrian bultzatu genituen esperientziak trukatzeko espazioetako baten laburpen grafikoa ere helarazten dizuegu. Gure ustez, formatuak dibertsifikatzeak edukietan sakontzen laguntzen digu eta adierazteko eta beste publiko batzuengana iristeko aukerak ematen dizkigu.
BESTE EXPERIENTZIA BATZUK
Halaber, Ikusezinean bidaiatzen prozesuan parte hartu zuten erakundeak ezagutzera animatzen zaituztegu (Altekio, Colaborabora, Colectivo Cala, Lakabe, IM Defensoras eta Iacta), praktika feministagoak txertatzean izandako esperientziak azaltzen baitizkigute. Las pioneras